ACCIONES

Revista Ausart 4(2):

Euskal Herriko Unibertsitatearen Ausart aldizkariak, “teknologia bigunak” bere 4(2) zenbakiaren gaitzat proposatzeko aukera ematen digu. “Praktika artistikoak, teknologia bigunak eta makineria sozialak” izenburupean, autore eta ikuspegi anitzak enmarkatzen dira eta hemen aurkesteko plazerra dugu. Jarraian, Ausart 4(2)-ko paperezko bertsiorako idatzi dugun hitzaurrea erreproduzitzen dugu, honetan gaiaren enkoadraketa eta testuen ikuskera panoramikoa ematen dugu.

Ausart 4.2.2016:

Praktika artistikoak, teknologia bigunak eta makineria sozialak

Hitzaurrea: Bizitza-artetik teknologia bigunek zeharkatutako subjektibitateen sorkuntzaren zibernetikara

TECNOBLANDAS Ikerketa (Ideatomics y ColaBoraBora

Mundu hiperteknologizatu batean bizi gara, egitura konplexutan murgilduta, harreman korapilatsuak eratuz beste izaki batzuekin eta, aldi berean, askotariko testuingurutara konektatuta. Hiperteknologizatuta, baina ez bakarrik asko direlako gure inguruan ditugun prozesadoreak, transmisio-zirkuituak, sentsoreak, neurgailuak, kamerak, robotak, mugikorrak, grabagailuak eta elikadura-iturriak, ez bakarrik horiekin bizi garelako eta haiekin osotasunean bat egiten dugulako, baizik eta, horrez gain, asko direlako “geu” horren amalgamaren zati guztien artean gauzatzen diren operazioak. Operazio teknikoak (prozedura sofistikatuak, gero eta gehiago optimizatu nahi ditugunak, eraginkortasun handiagoz), horien bidez lortzeko kohesioa, sentsibilizazioa, lehia, bazterketa, lehenestea, aldaratzea, koordinazioa, identifikazioa… makineria sozialaren elementuen artean. Operazio horiek elkarreraginak, jokabideak, antolaketak, komunikazioak eta harreman ukiezinak konfiguratzen dituzte, eta, aldi berean, ikusi eta ukitu daitezkeen alderdi mekanikoak ere, etengabe berrelikatzen diren osagai material eta ez-materialen aldibereko prozesu batean. Teknika horien inguruan hausnartzen dugu, gure buruari eman diogun makineria sozial hori doitzen dugun eta berak doitzen gaituen bitartean.

Hainbesteko konplexutasunaren aurrean, “pertsonalizazio-geruza” batez hornitutako sistema eragile batetik ibiltzen gara, noraezean; geruza horretan, konplexutasun hori motelduta agertzen zaigu, leunduta, “modu sinplean” aurkeztuta. Izan ere, sistema horrek zati bat soilik erakusten digu, alegia, bete behar dugun posturako eraginkor egiten gaituen zatia, zeregin horretatik urrundu gintzakeen guztiaren aurkako konfrontazioa saihestuz. Teknologia aparatu fisiko teknologikoak soilik izendatzeko erabiltzea estrategia bat da, hots, arreta gauza jakin batean fokalizatzeko eta beste batetik desbideratzeko estrategia: burua, afektuak, harremanak eta –azken batean- bizitza kolektiboa kontrolatzeko garatutako teknologia horretatik guztitik desbideratzeko, kontuan hartuta, gainera, teknologia hori ez dela gailu fisikoetan soilik txertatzen, baizik eta baita botereen arkitektura ikusezinetan ere. Ezkutuko karpeta horiek bezala: ezkutatu egiten dizkigute bertako artxiboren bat aldatzeko tentaldian erori gaitezen, horren ondorioa baita kitzikadura bizitzea eta sistemaren egonkortasuna hondatzeko zorigaiztoa sufritzea. Aparatu psikikoaren inkontziente horren modura, bertan gordetzen baitira pertsonak berak ikusi behar ez dituen jakintzak, autobabeserako tresna gisa.

Batzuen ustez, makineria sozialaren kodea, eginkizunak eta algoritmoak ezagutzea eta praktikatzea, teknétik eta logosetik, egokiagoa edo berezkoagoa da gizarte-zientzientzat artearentzat baino. Baina, zergatik pentsatu behar ote genuke teknika eta ezagutza horiek ez direla hain egokiak artearentzat anatomia marrazketarentzat den bezala, materialen prozesaketa eskulturarentzat den bezala, edo programazioa arte elkarreragilearentzat den bezala?

Badira modu asko artea eta praktika artistikoa ulertzeko, eta horietako bakoitza mundua ulertzeko eta munduan egoteko forma baten isla da. Bakoitzak aukeratzen du zein den bere posizioa, eta hortik hitz egiten du. Posizio bat okupatzea ekintza arduratsu bat da, eta arduratsua da, halaber, nondik hitz egiten duzun esplizitatzea; izan ere, horrela lortzen duzu zure ikuspegia az dadila asmo unibertsalizatzaileez interpretatu, eta mozorroa kentzen diozu hori egiteko ahalegin orori.

Artea teknologia bigunekin uztartzearen alde egiten badugu, hori posizio bat okupatzea eta izendatzea da. Posizio hori identifikatzea eta komunikatzea kezka berdintsuak dituzten beste pertsona batzuk topatzeko aukera sortzea da, ikuspegi bat eraiki ahal izateko euren burua hor kokatzen duten pertsona guztien artean, “ezkutuko karpeta horiek” ireki nahirik, zeren baitakigu, ondo jakin ere, aurkitzeko zailak izan arren karpeta horiek eragin erabakigarria izaten dutela makinaren funtzionamenduan.

Ausart aldizkariaren zenbaki hau horixe da, hain zuzen ere: konplizeak bilatzea aukera hori eraikitzeko: espero gabeko ekarpenak aintzat hartuta, askotariko ikuspegiei lekua utziz, eta, azken batean, begiradari konplexutasuna emanez, zeren formak (nola?) mamiak (zer?) bezainbeste adierazten baitu.

Argitalpena Alex Carrascosa artibistaren testu batekin irekitzen dugu. Testu horrek azaltzen digu zein esparru historikotatik hartu duen arteak bere esparrua teknologia bigunen esparruarekin uztartzeko kezka hori: bizitza-artea koordenadatik. Carrascosak bere bi alderditan planteatzen du korronte hori: eremu artistikoa eguneroko bizitzaren elementuekin zabaltzea, eta artea gizarte-eredu berri baten eraikuntzan aplikatzea. Bukatzeko, organismo soziala eraikitzeko ekintza bera artelantzat hartzea proposatzen du, eta “U” prozesua jartzen du horretarako erabil ditzakegun teknologia sozialen adibide gisa.

Saioa Olmok aldizkariaren zenbaki honen gaia jorratzen du zehaztasunez, teknologia bigunen definizioa ekarriz, teknologia erlazionalak horien barnean kokatuz, eta elkarreragin-tresna gisa funtzionatzen duten bost proiektu artistiko parte-hartzaileren mekanikak eta estrategiak azaleratuz. Era horretan, artistek sortzen eta ibiltzeko bide gisa proposatzen dizkiguten mekanismo ikusezin horiek bistaratzen saiatzen da.

Óscar Cornagok, berriz, gailu edo tresna artistikoaren kontzeptuaren azterketa kritiko bat egiten du; bere esanetan, egiten dugun zerbait da, aldi berean eraikitzen gaituena eta agian baztertu nahi genukeena, haren partaide ez izateko. Hori azaltzeko, arte eszenikoen kaxa beltzaz baliatzen da, erakusketa-kubo zuriari kontrajarriz, opakotasunaz eta gardentasunaz hitz egiteko, tramankulu horietako bakoitzaren barrenak erakusteko edo ez erakusteko xedez artistak egin ditzakeen operazioei lotuta; hala, batzuetan, gardentasun-ispilatze baten aurrean uzten gaitu, agian opakotasuna bera baino tranpatiagoa eta nahasgarriagoa dena. Edonola ere, egileak adierazpen poetikoan kokatzen du artearen eginkizuna, edozein sistemari mozorroa kentzeko asmotik baino askoz ere harago.

Horren ostean, teknologia bigunei argazkigintzaren esparrutik heltzen dion testu pare bat dugu. Hala, Garazi Erdaidek jorratzen duen gaia da nola sortzen diren arauzko imajinarioak irudiaren teknologien bitartez. Adibide gisa jartzen dituen proiektu batzuek erakusten dute nola salatzen den, proiektu horietan, larruaren kolorearen erreferentziazko balioen eraikuntza arrazializatua; horrekin batera, “ekitate kognitiboa” kontzeptua argazki-hausnarketarekin uztartzea ahalbidetzen duten metodo bisual berriak asmatzearen alde azaltzen da. Bestalde, Urtzi Cantok planteatzen duen galdera da ea posible ote den argazkiaren mugak gainditzea faktore jakin batzuek argazki-prozesuaren baitan esku hartzearen bitartez. Interesatzen zaio jakitea nola bereganatzen duen artistak bere euskarria, lan egiteko modu bihurtzeko, eta, ondorioz, trena izatetik lanaren berezko osagaia izatera pasatzeko.

Horren ostean, narratibitatearekin zerikusia duten hiru hausnarketa ditugu. Alde batetik, Edorta Aranak, Libe Mimenzak eta Bea Narbaizak “Tirabirak” aurkezten dute, hots, euskal gatazkari buruz 1977 eta 2016 bitartean argitaratutako hainbat biñeta bildu eta erakusten dituzten hedabide arteko proiektu bat. Plataforma ugariren bitartez inguratzen gaituzten narrazio forma berriez hausnartzen dute, eta aztertzen dute nola bihurtzen gaituzten – plataforma horiek- erabiltzaile aktibo eta parte-hartzaile. Beste alde batetik, Luis Urquietak “Historias en tránsito” deritzan soinu-proiektu elkarreragilea azaltzen du. Bertan, migrazio-prozesuak eta prozesu horiek pairatzen dituzten pertsonen ahozko istorioak jorratzen ditu, antropologia bisualaren teknika bigun batzuk erabiliz: elkarrizketa eta argazki-elizitazioa. Azkenik, Andreu Beluncesek kolaborazio-narrazioa du hizpide, teknologia biguntzat hartuta, herritarren ahalduntzearen eremuan duen aplikazioa azpimarratuz. Narrazioaren botereei buruzko ikuspegi interesgarri bat: lehentasunak ezartzea milaka iritzi subjektiboren artean, asoziazio-ereduak sortzea, “kausa-efektu” aurreikuspenak sortzea, ohiko erantzunak eta esperientzia gogoangarriak ahalbidetzea, eta argudioak bereganatzen laguntzea.

Geure burua kontatzeak lotu egiten gaitu hurrengo blokearekin, objektuak kontatze horren bidetzat hartuta: bildumazaletasuna. Nerea de Diegok bildumak egiteko esperientzia aurkezten du, Antoni Miralda artistaren “Foodcultura” proiektuaz baliatuz: harremanak sortzeko, parte hartzeko eta komunitatea egiteko ekintza bat. Orkestrazio bat, non artistak bere zentraltasunaren zati bat desplazatzen baitu “ikerketa kolektiboko nodo” bihurtzeko, “hedatu egiten den komunitate biriko” bihurtzeko. Izaskun Echevarríak, berriz, Rafale Tormo artistari bere “Implosió Impugnada 22” proiektuaz egindako elkarrizketa batez baliatzen da. Ardatza objektuak biltzeko keinua da, bildutako objektuek berez duten interesetik harago beste zerbait nabarmentzeko, alegia, batzeko, etiketatzeko, ordenatzeko eta patrimonializatzeko ekintza nabarmentzeko… azken batean, geure burua gauzekin lotzeko egiten ditugun operazio motak aurkeztea, munduarekin nola erlazionatzen garen ulertzeari begira.

Azken blokean, artearen ahalmen eraldatzaileari buruzko azterketak planteatzen dituzten hiru testu aurkitzen ditugu. Alberto Salcedok instituzioekiko elkarrizketa-dinamikak sortzeko ahalmena duen teknologia biguntzat hartzen du praktika artistikoa, memoria historikoa “bizkortzen” lagun dezakeelakoan, eta, zehazki, Euskal Herriko industriaren ondare arkitektoniko zaharkituari dagokionez. Horretarako, hainbat lekutan egindako esku-hartze artistikoen berri ematen du, espazio horien inguruko arreta pizteko, herritarrekiko zuzeneko kontaktua bilatuz. Ildo beretik, Samuel Gallasteguik jolasaren ahalmen eraldatzailea planteatzen du, praktika artistikoei lotuta. Zehazki, joko “emersiboa” (barrutik kanpora) jorratzen du, jolas “immersiboari” kontrajarrita (kanpotik barrura), eta “perbasibotasuna” kontzeptua komentatzen du (jolasaren ekintzak ezin bereiz daitezke jolasetik kanpoko ekintzetatik), eta baita “ludifikazioa” kontzeptua ere, eremu artistikoari aplikatzen ahal zaizkion tresna bigunak bezala. Eta, artea teknologia bigunen erabileraren bitartez bere testuinguruetan eragina izan dezakeela dioen posizioa kritikatuz, Natalia Vegasek berez ezgauza den artearen alde egiten du, hau da, berez erabilgarria ez izan arren edozein zentzu eta erabilgarritasuna ekartzeko ahalmena duen artearen alde. Irudikapena defendatzen du, eta baita artearen eta bizitzaren arteko bereizkuntza ere, “besteekin batera izateko beharrezkoa den barrera gisa”.

Amaitzeko, zenbaki hau Manuel Cebralek ixten du, zibernetikari buruzko hausnarketa batez. Bere proposamena da diziplina-gizartearen berezko makina sozialetan murgilduta gaudela dioen ikuspegia alde batera uztea, eta horren ordez kontrolaren gizartea azpimarratzea, hau da, alderdi teknikoa eta alderdi soziala bereizten ez dituen eta softwarea/hardwarea akoplatutako makina tekniko-sozial bakar batean bateratzen dituen gizartea azpimarratzea. “Zibernetika izan dadila desioak izateko eta subjektibitateak sortzeko forma bat ere, gure konektibitate-arrastoaren arabera aztertuak/kokatuak izateko modua izan beharrean”. Gonbidapen erakargarri bat, proposamen artistiko batzuek jaso egin dutena (hala nola The Influencers 2016 jaialdian aurkeztutako proiektu artistikoak); bada, gainera, esplorazio artistikorako bide bat, seguruenik areagotu egingo dena, zeren bizi behar dugun gizartea gugan eragina duten testuinguruetako bat baita, eta hor dagokigu elkarreraginean aritzea.

Azpian daukagu zenbakiaren aurkibidea artikuluekin: